Thursday, April 06, 2017

KORRIKA LOIU 2017


Gaur Korrika Loiura ailegatuko da, hain zuzen ere, Larrondo auzotik pasatuko da. Beste behin ere, han egongo gara. 



Biher Loiuko Udalak Korrika berezia antolatuko du. Hau da, Loiuko Ikastetxeen korrika izango da, 1.000 ikaslek parte hartuko dute.




Bestetik, AEK Erakundeari gutun bat bidali diot :


   

Korrika Agurgarria:


Nerabea nintzenetik  hona, askotan parte hartu dut Korrikan, herri eta eskualde ezberdinetan, Uribe Kostan, Bilbo Handian, eta batez ere, Txorierri Haranean, eta zelan ez, nire udalerrian, Loiun.

  

Oraindik ere gogoan dut, aspaldi, Korrika Unbetik jaisten zela Asuarantz, Loiuko erdigunea zeharkatuz. Edo Mungiatik etorrita, Lauroeta auzotik jaisten zela, gero, Loiuko erdigunera joateko.



Azken aspaldian, baina, zenbait ediziotan, gure udalerria bigarren maila batean geratu da,  izan ere, 1.150 metroko pasabide sinboliko batera mugatu da, non eta jende gutxi dabilen auzo industrial batean, hori Txorierriko beste udalerri batzuei Korrika euren herrigunetik pasatzea ahalbidetzeko.





Loiuztarrok, Korrikako zenbait ediziotan, gorago azaldutako egoera hori ulertu eta onartu dugu, beste udalerri batzuekiko elkartasunagatik. Baina, bada garaia Korrika, berriz ere, 2019. urtean, LOIUko herrigunetik igarotzeko, sasoi batean egiten zen bezala.

 


2017ko Korrika oraindik ere amaitu ez den arren, agurtzen zaituztet nire itxaropena agertuz: hurrengo edizioan,  Korrika Loiuko herrigunetik pasatzea. Korrikako batzordeak eta Loiuko Udalak, 3 egun ezberdinetan, 3 ekitaldi antolatu dituzte udalerri horretan. Ekitaldi horien artean jendetsuena apirilaren 7koa izango da, egun horretan udalerriko 5 ikastetxek parte hartuko dute, eta 1.000 ikasle baino gehiagorekin herrigunera abiatuko dira Korrikari, euskarari eta Loiuko erdialdetik pasatzeko aldarrikapenari babesa ematera.




Era berean, gure hautagaitza aurkezten dugu, egoki irizten duzuenean, 2019an edo 2021ean, Korrika Loiutik irteteko, aurten Otxandiotik irten den bezala.



Udalerri gutxik batu ditzakete 1.000 gaztetxo baino gehiago irteeran. Ekitaldi sinbolikoa, berezia eta oso indartsua izango litzateke Korrika babesteko.

Eskerrik asko!


Josu Andoni Begoña (Loiuko Alkatea)



No comments:

Post a Comment